ARANTZAKO KANPALDIA



Urriaren 18an, Arantzara abiatu ginen hiru egun pasatzera.
Iritsitakoan, hango begiraleek beren burua aurkeztu, hiru egunetan zer egingo genuen esan eta arauak azaldu zizkiguten. Hauexek ziren: otorduetara garaiz iristea, nondik ibili ahal ginen, gaueko 11etatik goizeko 8ak arte isilik egotea, ingurua zaintzea eta euskaraz egitea.

Ondoren, aterpeko parkean jolastu ginen hamaiketakoa hartzen genun bitartean. Segituan, logeletan maletak utzi, ohea egin eta geroxeago, jantokian bazkaldu genuen.










Berehala, begiraleekin Iturri Majikora abiatu ginen basotik zehar.
Bidean, landare asko ikusi genituen: goroldioa, iratzea, haritza, gaztainondoa… Lurrean, orbelak, gaztainak, ezkurrak… zeuden eta mota askotako txorien kantuak entzuten ziren.








Handik pasatzen zen errekaren bazter batean Aranibar izeneko baserri bat zegoen eta horri buruzko istorioa kontatu ziguten:

Lehen, herria babesteko asmoz, Arantzara etortzen zen jende guztia baserri horretatik ikusten zuten.

Aurrerago, errekaren bazterrean, izokinentzat egindako eskailera moduko bat ikusten zen. Hortik izokinak igotzen dira arraultzak jartzera abiatzen direnean. Izokinak ibaian jaiotzen dira. Handitzen direnean, itsasora joaten dira eta arraultzak jarri behar dituztenean, jaio ziren ibaira itzultzen dira.

Azalpena entzun ondoren, Iturri Majikora jarraitu genuen. Hara iritsi ginenean, kobazulo baten barruan San Juan Xar gizonaren eta bere txakurraren harrizko estatuak ikusi genituen eta bere istorioa kontatu ziguten.

SAN JUAN XAR
Bazen behin, San Juan Xar izeneko gizon bat bere emaztearekin bizi zena Arantzako baserri batean. Lan handia egiten zuten biek.
Egun batean, emaztea gaixotu zen eta azaletik zauri asko atera zitzaizkion.
Gizonak lan guztia egin behar zuen bakarrik eta oso nekatuta iristen zen etxera. Emakumea gero eta gaixoago zegoen eta baserritarra oso triste sentitzen zen.
Handik gutxira, ardiekin mendian zebilela, errekaren bazterrean lamia bat ikusi zuen gizonak. Orduan, lamiak San Juan Xar oso triste eta nekaturik zegoela ikusirik galdetu zion:
-Zer gertatzen zaizu?
-Nire emaztea hiltzeko zorian dago. Azal osotik zauriak ditu. Lan guztia egin behar dut eta oso nekatuta nago -erantzun zion gizonak.
-Nik lagunduko dizut. Sekretu bat kontatuko dizut, baina ezin diozu inori ezer esan, bestela zigor bat jarriko dizut. Hemendik gertu iturri majiko bat dago. Hiru txorrotetan zapi bat busti eta zure emazteari azaleko zaurietan ematen badiozu, hiru egunetan sendatuko da.
San Juan Xarrek lamiak esandakoa egin zuen.
Emaztea lehenengo egunean hobeto jarri zen, bigarrenean ia-ia sendatuta zegoen eta hirugarren egunean sendatu zen.
Gizona hain pozik zegoenez, zigorrarena ahaztuta herriz herri joan zen sekretua kontatzen.
Handik gutxira, lamiarekin topo egin zuen eta honela esan zion lamiak:
-San Juan Xar, sekretua kontatzen ibili zara. Orain zigorra jasoko duzu: harri bihurtuko zaitut.
Gaur egun, Iturri Majikoaren gaineko kobazulo batean San Juan Xarren estatua ikus daiteke eta jendeak loreak eta kandelak jartzen dizkio zerbait eskatu nahi dionean. Iturri Majikoan jendeak utzitako zapi txuriak zintzilikatuta egoten dira.

Istorioa entzun ondoren, Iturri Majikoaren ondoan askaria hartu eta hango ur freskoa edan genuen.
Aterpera oinez itzuli ginen, pisko bat jolastu eta afaldu ondoren, nekatuta baina pozik oheratu ginen.

2. eguna
Hurrengo egunean, mendira abiatu ginen. Paisaia menditsua eta berdea zen, landare asko ikusten ziren: goroldioa, iratzea, pinuak, gaztainondoak, haritzak, pagoak, gorostiak, intxaurrondoak, etab. Animaliak ere ikusi genituen: txerriak, zaldiak, behiak…

Gero, zuhaitz parkera ailegatu ginen eta han bokadilo handi bat jan genuen. Ondoren, batzuk zuhaitz parkera igo ziren eta bitartean, besteak gauean jaialditxoan egingo zutena entsaiatzen aritu ziren.












Aterpera itzuli eta afaldu ondoren, jaialditxoa egin genuen:







3. eguna
Azkeneko egunean, maleta egin, gosaldu eta begiraleekin batera herriko frontoira abiatu ginen. Han, zer egingo genuen azaldu ziguten. Taldeka banatu ( gorriak, berdeak, beltzak, urdinak eta horiak) eta herri kiroletan aritu ginen. Jolas hauek egin genituen: lokotxak, mandarinen bikotea, mozkortuak, zaku lasterketa, enbor saltoa

ZAKU LASTERKETA
Behar da:
-6 zaku
Nola jolastu:
-Neska-mutilak taldeka banatzen dira.
-Talde bakoitzak zaku bat du. Lehenengo jokalaria zakuan sartzen da eta jolasa hasten denean, saltoka joan behar du helmugaraino eta taldea dagoen lekura itzuli.
-Orduan, bigarren jokalariari eman behar dio zakua. Segituan, horrek zakuan sartu eta gauza bera egin behar du.
-Horrela jarraitzen da taldeko jokalari guztiek egin arte.
Talde azkarrenak irabazten du.


MOZKORTUAK
Behar da:
-lokotx batzuk
Nola jolastu:
-Neska-mutilak taldetan banatzen dira.
-Talde bakoitzeko pertsonekin bi lerro egin behar dira, bata bestearen aurrean kokaturik 10 metroko distantziarekin.
-Lerro bateko lehenengoak, lokotxa lurrean jarri eta horri helduta, hogei buelta eman behar ditu lurretik lokotxa altxatu gabe.
-Ondoren, beste lerrora joan eta lerroko lehenengoari lokotxa eman behar dio.
Horrela jarraitu behar da denek egin arte. Talde azkarrena da irabazlea.


ENBOR SALTOA
Lehenbizi, taldeak egin behar dira. Ondoren, talde bakoitzeko lehenengoak zutik eta hankak zabaldurik jartzen da. Hurrengoak hanken azpitik pasatzen da eta lurrean etzanda ipintzen da. Hirugarrenak lehenengoaren hanken azpitik pasatzen da, bigarrenaren gainetik salto egiten du eta bukatzeko, hanka zabaldurik jartzen da.
Horrela jarraitu behar da helmugaraino iritsi arte.
Talde azkarrenak irabazten du.

SOKATIRA
Behar da:
-soka luze bat erdian zapi bat lotuta duena
Nola jolastu:
Bi taldek jokatzen dute.
Soka lurrean zabaltzen da zapia marra baten gainean gelditzen delarik. Talde bakoitza sokaren alde batean jartzen da ilaran sokaren ondoan , eta beste taldea berdin kokatzen da sokaren beste aldean.
Arduradunak aginduak ematen ditu:
- Soka prestatu : soka oinaren gainean jarri behar da.
-Soka igo: soka eskuetan hartu behar da.
-Tinka: sokatik pisko bat tira behar da, tente jartzeko.
-Tira: bi taldekoek indar guztiz sokatik tiraka hasi behar dute zapia bere aldera pasatzea lortu arte.

LOKOTXAK
Behar da:
-78 lokotx
-6 saski
Nola jolastu:
-6 talde egin behar dira.
-13 lokotxako 6 ilara egin behar dira marra baten gainean, distantzia bera gorderik eta saski bat lehenengo lokotxaren aurrean jarrita.
-Saski bakoitzaren atzean talde bakoitzeko 6 jokalari jartzen dira ilara batean.
-Talde bakoitzeko lehenengoak lokotxak banan-banan jaso eta saskian utzi behar ditu.
-Lokotxa kanpora erortzen bazaio, hartu eta saskian sartu behar du.
-Bigarrenak lokotxak saskitik banan-banan hartu eta zeuden lekuetan utzi behar ditu.
-Horrela jarraitu behar da taldeko guztiek egin arte.
Talde azkarrenak irabazten du.
MANDARINEN BIKOTEA
Behar da:
-arto bat talde bakoitzerako
-mugarri bat
Nola jolastu:
-Neska-mutilak taldeka banatzen dira eta taldekoak bikoteka ipintzen dira.
-Bikote bakoitzak beren kopeten artean artoa kontu behar du, lurrera erori gabe eta mugarriraino eraman behar du.
-Mugarriari buelta eman eta taldera itzuli behar dute.
-Artoa erortzen bazaie hasieratik hasi behar dute berriro.
-Bukatutakoan, bigarren bikoteari eman behar diote artoa eta gauza bera egin behar dute.
-Bikote guztiek egin arte ez da jokoa bukatzen.
Talde azkarrenak irabazten du.


Bukatutakoan, aterpean bazkaldu genuen. Jarraian, maletak hartu eta autobusez itzuli ginen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario